Prestakuntza fisikoak gero eta garrantzia handiagoa du egungo kirolean. Gero eta baliabide gehiago dago, eta beraz, aukerak ere gero eta gehiago dira. Kirolaria egoera fisiko onean egon dadin erabiltzen den oinarrizko baliabideetako bat elikadura da. Ondo elikatuz gero, gorputza sasoian eta kirolaren eskakizunei erantzuteko prest egoten da, lehia izan edo ez.
Kirolean ez ezik gizartearen beste hainbat arlotan ere oso erabilgarria da elikadura. Gaizki elikatzeak osasun arazoak sor ditzake; gizentasuna duen jendearen kopurua- batez ere haur eta gazteen artean- kontuan hartzen badugu, ohartuko gara ezinbestekoa dugula elikadura egokiaren kontzeptua aldatzea.
Hori dela, gai horri heldu dio Sportik. Prestakuntzaren alde egin duen apustuarekin jarraituz, elikaduraren, osasunaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren gaineko jardunaldian antolatu ditu irailaren 25ean (ostirala) eta irailaren 26an, larunbata, Zarauzko Saskibaloi Taldearekin eta Ori-Zarautz Rwandaren alde GKErekin batera.
Jardunaldiak Zarautzen izango dira eta 35 euro ordaindu beharko da parte hartzeko (50 euro Zarautz Hotelean bazkaldu nahi duenak). Biltzen den dirua Rwandarako lan egiten duen Ori-Zarautz GKEri emango zaio. Zarautz Kirol Elkartean eman behar da izena (Kale nagusia 7).
Lehenbiziko saioa, ““Fundamentos metabólicos y energéticos de la alimentación y de la nutrición” izenekoa, Manu Zubillagak emango du (ostirala, 18:00-19:00); Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Manu Zubillaga. Fruit Break-eko ordu erdiaren ondoren, Gorka Nuñezek hartuko du hitza; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da, eta goiburua “Estrategias para una correcta hidratación” duen hitzaldia emango du. “Zer, zenbat eta nola edan behar dute kirolariek?” (19.30-20.30). Ordu erdiko mahai-ingurua egingo da lehenbiziko jardunaldia amaitzeko.
Larunbat goizean (10.00-11.00) Nahikari Usarragak hitz egingo du lehenbizi; Elikagaien Zientzietan eta Teknologian lizentziaduna, eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomaduna da, eta “Incidencia de la obesidad infantil en Gipuzkoa y otros trastornos nutricionales asociados” izenburua duen hitzaldia emango du. Ondoren Garbiñe Aizpururen txanda izango da; Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomaduna da eta “Organización de la dieta en función de la carga de entrenamiento” izenburuko hitzaldia emango du (11.30-12.30). Ordu erdiko mahai inguru batekin amaituko dira jardunaldiak (12.30-13.00).
Edonorentzat izan daitezke baliagarri jardunaldi hauek, hasi saskibaloiko edo beste edozein kiroletako entrenatzaile eta prestatzaile fisikoetatik eta beren elikadura ondu nahi duten guraso eta gazteetara.




