Hizkuntzak:

GSFk eta Sportik goi mailako entrenatzaileen XXXIII. ikastaroa antolatu dute

master_portada3

GSFk eta Sportik atzo erakutsi zuten balioetan eta heziketan oinarrituriko euren proiektuaren lehenengo urratsa. Goi mailako saskibaloi entrenatzaileen XXXIII. ikastaroa Donostian egingo da uztailaren 17tik 31ra; beraz, titulu federatibo gorena eskuratu nahi duten gipuzkoar teknikariek horretarako aukera izango dute, Malagaraino joateak eta han ostatu hartzeak sortzen zituen gastuak ordaindu beharrik gabe. Hori dela eta, hazkuntza handia izan du matrikulatu diren ikasle gipuzkoarren kopuruak, 17 lagun denera - aurreko urteetan gehienez ere hiru lagun izan dira-.

 

 

EHUren campuseko ikasgeletan eta Benta Berriko kiroldegian emango dira eskolak. Gipuzkoarrak ez diren ikasleek Olarain Ikastetxe Nagusian hartuko dute ostatu. Antzeman da Donostia hiri erakargarria dela, 221 lagunek eman baitute izena. Partaidetza benetan arrakastatsua da, krisi garaia bizi dugula eta aurreko ekitaldietan 200 lagunetik behera izan direla aintzat hartzen badugu.

 

Zalantzarik gabe, ordea, partaide kopuru handiaren arrazoietako bat ikastaroa emango duten irakasleen maila ikaragarria da. Sergio Scariolo (gizonezkoen hautatzailea), Exaristo Pérez (emakumezkoen hautatzailea), Pablo Laso (GBCen entrenatzailea), Porfi Fisac (Valladoliden entrenatzailea), Clyfford Luyk (Real Madriden entrenatzaile ohia), Moncho Monsalve (Brasilen hautatzaile ohia), Jenaro Díaz (gizonezkoen selekzioaren laguntzailea eta teknologia berriak erabiltzen aditua)… Izen handiak dira inondik ere.  Gai-zerrenda bi sailetan banaturik dago: joko arauak (hilak 18), formazioa (19-20), taktika (21-22), entrenamendua (23-25) eta zuzendaritza (26-30).

 

GSFren lehendakari Vicente Mozo, Euskadiko Federazioaren lehendakari Arturo Aguado eta ikastaroaren zuzendari Miguel Martín arduratu ziren proiektua aurkezteaz. “Erreferentziazko gertaera da” azaldu zuen Mozok. “Federaziora iritsi ginenean gure asmoa zen laguntza ematea Gipuzkoan modan dagoen kirol honek hazten jarrai dezan, lizentzia, fitxa, talde… kopuruan. Entrenatzaileen prestakuntzan hutsune bat geneukala ikusi genuen, gipuzkoarrontzat oso zaila baitzen goi mailako ikastaroetara sartzea. Euskadiko Federazioarekin jarri ginen harremanetan, urtarril aldera, ikastaroa hemen antolatzeko aukerarik ba ote zegoen aztertzeko asmoz; orduan utopia bat zen, noski ”.

 

Arturo Aguadok azaldu zuen  berak ordezkatzen duen federazioak ikastaro honekin lortu nahi duen helburu nagusia zera dela: behe mailetako prestakuntza bultzatzea. “ Piramide bat egon dadin nahi dugu. Ez digu ezertarako balio lehen mailako entrenatzaileak edukitzeak bigarren mailakorik eta gainerako mailetakorik ez badaukagu. Federazioak ahalegin bat egiten duela ikus dezaten nahi dugu, ahalik eta prestakuntzarik onena izate aldera ”.

 

Miguel Martin ikastaroaren metodologiaz aritu zen. “Nazioarteko federazio askorekin dut harremana eta denek esaten dute mundu guztian ez dagoela maila honetako ikastarorik. Antolakuntza ez ezik ikasle eta irakasle kopurua, ikerkuntza, berrikuntza eta garapena aipatzen dituzte. Etengabeko bilakaeran murgildurik gaude. I+D+I bezalako ikastaro bat da. Urtero ahalegintzen gara beste urrats bat aurrera egiten, kalitate handiagoa izatearren. Ikerkuntza maila hori ikasleei ere eskatzen diegu, ekarpen desberdinak egin ditzaten nahi dugu. Defentsa eta erasoa soilik landuko duten eskolarik ez dugu nahi. Zerbait gehiago bilatzen dugu ”.

Irakasle zerrenda ere aipatu zuen Martinek. “Izen handiez gainera- badaude noski- saskibaloi desberdin bat etengabe buruan duen jendea elkartzen saiatzen gara. Saskibaloiaren  erronka berriak landu behar ditugu, gauza berriak, oraingoz existitzen ez direnak. Kezkak dituen jendea bilatzen ahalegintzen naiz, irakasteko, eta batez ere gogoeta ozen egiteko. Entrenatzailearen mundua egolatra da, denek jokalarien gainetik daudela uste dute. Horri buelta ematen saiatzen gara. Gure ustez ez da autore saskibaloirik egin behar; jokalariak dira garrantzitsuak ”.

 

Donostia zergati hautatu dute azaldu zuen ikastaroaren zuzendariak. “ Lehenik eta behin Gipuzkoako nahiz Euskadiko federazioek eskaera egin zutelako eta ilusio handia erakutsi zutelako. Entrenatzaile arloan bultzada bat behar zuten, beren prestakuntza dinamizatzeko. Andaluziarekin genuen hitzarmena bukatu zenean ikusi genuen goi mailako prestakuntza beste leku batean eskaintzeko aukera geneukala. Antolakuntzak eskaintzen dituen aukerak dira beste gakoetako bat. Ezaugarri bereziak ditu ikastaro honek, ikasleak hartuko dituen egoitza bat behar da, goi mailako azpiegiturak behar dira, kantxak, ikasgelak. Donostiak hori guztiak eskaintzen du, eta hurbil daude. Eta gainera bero handirik egiten ez badu, primeran. Orain arte bete-betean asmatu dugu, bai giza harremanei bai harreman profesionalei dagokienez”.

 

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *

*
*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Iradoki Presentzia & Komunikazioa