Sporti markaren lehenbiziko proiektu handia gauzatu da dagoeneko. Goi mailako entrenatzaileen XXXIII. ikastaroari atzo eman zitzaion hasiera, EHUren areto nagusian. Ikastaroaren zuzendari Miguel Martinek, EHUren Gipuzkoako errektoreorde Cristina Uriartek, Euskadiko Federazioaren presidente Arturo Aguadok eta GSFren presidente Vicente Mozok egin zieten ongietorria 221 ikasleei. Ondo bidean, goi mailako entrenatzaile tituluaren jabe izango dira denak uztailaren 31n.
Vicente Mozok hitz egin zuen lehenbizi. Deialdiak izan duen arrakastagatik eskerrak eman zizkien partaide guztiei. “ EHUri ere eskerrak eman behar dizkiot, bere instalazio bikainak uzteagatik eta emandako laguntzagatik; eta nola ez, Udalari eta Foru Aldundiari ere bai. Ilusio handia daukagu ikastaro honekin. Gipuzkoara kalitatezko ekitaldiak ekartzeko konpromisoa hartu genuen, eta oraingo hau kalitate goreneko heziketa da Europa mailan. Euskadiko eta Espainiako federazioek eman diguten konfiantza oso garrantzitsua izan da guretzat”.
EHUren ikuspuntua azaldu zuen Cristina Uriartek. “ GSF eta Sporti proposamenarekin etorri zirenean – ez soilik ikastaroaren proposamena, balioen eta heziketaren aldeko apustu osoa baizik-, ohartu ginen guztiz bat zetorrela gizartearen prestakuntza integralerako gure proiektuarekin. Kirola oinarrizko baliabidea esfortzuari, ohiturei eta diziplinari dagokienez. Benetan pozik gaude ikastaro honetan partaide garelako, eta Sportik etorkizunean antolatzen dituen ikastaro eta mintegietan ere gustura parte hartuko dugu”.
Donostian ikastaro hau antolatzeko alde guztiek egin behar izan duten lana goraipatu zuen Arturo Aguadok. “ Aukera hau sortu zen unetik beretik ilusioa eta ideia positiboak besterik ez dugu izan. Garrantzi handiko gertaera da, goi mailako entrenatzaileak prestatzea ahalbidetzen baitu, eta irakasleen zerrendan Espainiako entrenatzaile onenak baitaude. Hezitzaileak hezteko jarduera bat da, hemen jasotzen duten jakintza nork bere inguruan eta esparruan zabal dezan”.
Ikastaroaren ildo nagusiak esplikatu zituen Miguel Martinek. “ Gure helburua da entrenatzaile askok beren erronka betetzea. Jendeak ikasi baino gehiago hitz egin dezan nahi dugu. Ezin dugu saskibaloia ontzeko aukera alferrik galdu, 221 lagun hamabost egunez saskibaloia buruan dutela edukita. Ideiak sor daitezen lortu behar dugu, jokalariak, taldeak, lehiaketak, eta, azken batean, saskibaloia bera, hazten joan dadin. Oso gertaera garrantzitsua da Gipuzkoako saskibaloiarentzat, heziketa arloan. Aukera bikaina da hau hainbat jatorritako jendearekin iritziak trukatzeko eta norbera aberasteko”.
Uztailaren 31n bukatuko da ikastaroa, denera 221 ikasle izango dira, horietatik 17 gipuzkoarrak (aurrekoetan gehienez hiru izaten ziren). EHUren campusean emango dira eskolak, eta eskola praktikoak Benta Berriko kiroldegian egingo dira. Irakasleen zerrendan honako hauek daude, besteak beste: Moncho Monsalve, Pablo Laso, Porfi Fisac, Txus Vidorreta, Clyfford Luyk, Ricard Casas eta Evaristo Pérez. Luxu handia benetan Gipuzkoako saskibaloiarentzat.




