Joan zen uztailaren 30ean amaitu zen Saskibaloiko Entrenatzaileen Goi Mailako XXXIII. ikastaroa. GSFren eta Sportiren kudeaketari esker, entrenatzaile gipuzkoarrek aukera ezin hobea izan zuten goi mailako prestakuntza eta titulazioa etxetik hurbil lortzeko, EHUren Campusean eta Benta Berriko kiroldegian, hain zuzen ere. Denera 17 gipuzkoarrek eman zuten izena, benetan kopuru arrakastatsua, eta entrenatzaileen estamentua indartuko duena.
Eskolak eman zituzten aditu eta entrenatzaileen zerrenda kalitate handikoa eta ia gaindiezina izan zen. Eta beste zerbait pentsa badaiteke ere, saskibaloiko entrenatzaileen goi mailako ikastaroan ez da soilik saskibaloia landu. Enpresa munduko gaiak, talde-lana eta oro har gizarte osoari eragiten dioten beste hainbat gai ere landu ziren.
Entrenatzaileen munduan, bizitzan bezalaxe, ezinbestekoa da prestakuntza iraunkorra. Ildo horretan, entrenatzaile on batek ikasteko jarrera irekia eta aktiboa eduki behar du. Beti prest egon behar du ikasteko. Eginkizun bat gehiago da entrenatzaile batentzat, baita gizarte bizi eta mugitu honetan aurrera egin nahi duen pertsona ororentzat ere. Hobetzeko interesa edukitzea behar-beharrezkoa da, hartara behartzen gaituzte-eta aurrerapen teknologikoek. Besterengandik ikasteko eta taldean lan egiteko prest egon behar dugu, eta ikastaro honetan hori funtsezkoa izan da.
Baina ikastea ez da soilik entzutea. Jarrera aktiboa eduki behar da, prestakuntza iraunkorra bilatu behar da, ikerkuntzan parte hartu behar da, dela banaka dela taldeka. Ontzeko, gure prestakuntza hobetzeko, berrikuntza proposamenak sortu eta aztertu behar dira, bai entrenatzaile arloan, bai enpresa munduan, bai gizartean. Azken batean, aurkituz ikasteko trebetasuna garatzea da kontua.
Ikastaroan esparru hori landu da. Goi mailako entrenatzaile izateko ezinbestekoa da ikasteko espiritu aktiboa edukitzea. Norberak bere kasa ikasten jakin behar du. Eztabaida eta parte-hartzea etengabekoa izan zen ikastaroan, denen artean, irakasle eta ikasleen artean, denek elkarrekin aurrera egiteko. Ikasleak ez ziren entzutera edo apunteak hartzera bakarrik mugatzen; lan-taldeetan edo hitzaldietan parte hartuz beren ideiak eta kezkak partekatzeko aukera zuten, betiere eboluzioaren eta jokoa ontzearen mesedetan. Gizartera edo enpresa mundura eraman litekeen espiritua edo balio multzo bat da, azken batean.
Talde-lana izan da ikastaro honen balio nagusietako bat. Eta ezin zitekeen bestela izan, saskibaloia baita talde-kiroletan nagusia. Denak aritzen dira erasoan eta defentsan; beraz, batek huts egiten badu, talde osoarengan du eragina. Baina edozein taldetan, kirolean, gizartean edo enpresa munduan, rol batzuk eta buruzagi bat egon behar du. Hori dela eta, “Zuzendaritza eta kudeaketa eskumena” kontzeptua landu da. Entrenatzaile batek bere baliabideak kudeatzeko gai izan behar du, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko eta bere taldea hierarkia egoki baten bidez kontrolatzeko, egoerak eskatzen duenean eskumenak haren esku uzteko eta behar denean buruzagi moduan jarduteko. Gauza bera gertatzen da enpresetan zuzendaritza talkdeekin.
Entrenatzaile izateko, edo enpresa bat zuzentzeko, erabakiak etengabe hartu behar dira. Hala, ikastaroak balio izan du ikasleek erabakimena lantzeko, behar-beharrezkoa baita partida bat zuzentzeko unean. Entrenatzaile batek aginte, buruzagitza eta koherentzia dohainak izan behar ditu partida bat eta talde bat egoki zuzentzeko. Ez da soilik epe motzera begira jokatu behar. Baliteke orain eta hemen onena ez den zerbait onuragarri izatea taldearentzat epe ertainean.
Entrenatzaile batek gogoeta egin behar du, eta gogoetatik ikasi. Lan horrek, entrenatzeko ez ezik, bizitzeko ere balio du.
Horregatik guztiagatik, Saskibaloiko Entrenatzaileen Goi Mailako XXXIII. ikastaroak saskibaloiarekin loturiko kontzeptu ugari eta askotarikoak emateaz gainera, ikasleentzat oso erabilgarri izango diren balioak ere eman ditu. Berriro ere kirola eta gizartea eta kirola eta enpresa binomioak azaldu zaizkigu.





One Comment
Me gustaría participar en un futuro curso de entrenadores de Baloncesto soy profesor de Baloncesto y deseo seguir creciendo en este deporte tan apasionante en mi país Venezuela.
Muchas Gracias