Saskibaloiaren espiritua gizartean era arduratsuan hedatzeko sortu da SPORTI
Gipuzkoako saskibaloiak tradizio handia eta ongi errotua du iraganean. Gure saskibaloiaren historia izenez eta garrantzi handiko lorpenez beterik dago. Baina, zalantzarik gabe azken urteotan ari da Gipuzkoako saskibaloia bere boom-a bizi izaten, eta amaitu berri den denboraldia da horren erakusgarririk onena. Izan ere, kluben, entrenatzaileen, epaileen eta jokalarien lan bikainari esker, 2008-09 denboraldia benetan distiratsua izan da gure probintziako saskibaloiarentzat.
Gipuzkoa Basket da, dudarik gabe, Gipuzkoako saskibaloiaren buru agerikoena. ACBn jarraitzea lorpen historikoa da klubarentzat, lehenbiziko urratsa talderik onenen artean sendotzeko bidean. Gainera, kirol emaitzetan ez ezik jarraitzaileei dagokienez ere arrakasta erdietsi du GBCk: zazpi mila bazkide baino gehiago izatera iritsi da, eta ia bederatzi mila lagun joan dira, batez beste, Illunbera; ACBn jenderik gehien biltzen duen kantxetako bat da; horrek erakusten du, beraz, benetan osasuntsu dagoela gure saskibaloia.
Baina GBC ez da icebergaren tontorra besterik. Beste hiru klub profesional ere une gozoak bizi izaten ari dira azken urteotan. Hondarribia-Irun sendotu egin da emakumezkoen saskibaloiaren kategoria gorenean. Oso denboraldi ona egin dute eta europar play-offerako sailkatu dira, mailari eustea beste helbururik ez zutenean. Biurrarena-UPVk ere nota onarekin bukatu du denboraldia. Jokalari gipuzkoarrez jositako taldea da, eta emakumezkoen 2. mailako ligan, B taldean, seigarren postuan geratu dira eta igoera fasea jokatzeko zorian ibili dira. Emakumezkoen erreferentziazko kirola da saskibaloia Gipuzkoan, eta beraz, plataforma ezin hobea generoen arteko berdintasuna zurkaizteko eta emakumearen papera azpimarratzeko egungo gizartean.
Iraurgik ere denboraldi ederra bezain distiratsua gauzatu du. EBA ligako A taldean nagusi izan da, hasieratik amaierara. Gainera, Azpeitia osoak eta probintziaren zati handi batek taldearen alde dena ematea eta partidak ikustera jende ugari hurreratzea lortu du.
Gure herrialdetik kanpo jokatzen duten jokalari gipuzkoarren kopurua hazten ari da urtetik urtera. Oraindik orain bukatu den denboraldian, esate baterako, Urko Otegik (ViveMenorca) eta Jon Kortaberriak (Unicaja) hainbat minutu jokatu dituzte ACBn. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko LEB ligetan eta EBA ligan ere jokalari gipuzkoarrek partaidetza handiagoa eta kalitate handiagokoa dute denboralditik denboraldira. Aulkietan presentzia ez da horrenbestekoa, baina hazten ari da arian-arian. Adibidez, José Ángel Samaniego, Salva Maldonadoren hurrengoa Kalise Gran Canaria taldean, ACBko bigarren entrenatzailerik onenetakoa dela esaten dute, eta Lolo Encinas ere Pablo Lasoren talde teknikoan aritu da Bruesan.
Dena dela, eklosioa ez litzateke biribila izango behe mailetako kluben lanik gabe. Gipuzkoako jokalari haztegiak ekarpen handia egin du gure saskibaloiaren hazkuntza honetan. Bidegabea izango litzateke kluben izenak ematen hastea, denen ahaleginik eta lanik gabe oso zaila izango bailitzateke goi mailako taldeek arrakasta lortzea. Espainiako txapelketaren aurretik jokatzen diren sektoreetan gure taldeak ikustea, maila guztietan, ohiko bihurtzen ari da. Gainera, Euskadiko selekzioek, nola gizonezko hala emakumezkoenek, eta adin guztietakoek, gero eta kolore gipuzkoarragoa dute, eta Espainiako selekzioetan ere ari dira agertzen gure probintziako jokalariak.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako saskibaloia sendotzen ari da goi mailan. Orain beste erronka batzuen garaia da, eta ez dira garrantzi txikiagoko erronkak, inondik ere: arrakasta finkatzea, saskibaloiak hazten jarrai dezan gure probintzian, eta talde-lanetik nahiz elkarrekiko konfiantzatik abiatuta gogotik lan egitea, saskibaloi mundua eta hura osatzen duten pertsonak erreferentzia izan daitezen gizartearen arlo guztietan egiten duten ekarpenari esker.
SPORTIren asmoa da umiltasunez baina gogotik lan egitea, helburu horiek denak lortze aldera.




