Gipuzkoako Saskibaloi Federazioan 2008. urtearen azken aldera zuzendaritza-talde berri bat sartu zela-eta gauzatu zen gogoeta prozesu baten emaitza da Sporti. Gogoeta horretan Gipuzkoako saskibaloia osatzen duten hainbat kolektibok parte hartu zuten, xede nagusi batekin: haien kezkak eta proposamenak biltzea eta haietan oinarriturik dokumentu bat prestatzea, gure probintziako saskibaloiaren egoera eta beharrak jasoko zituena.
Ariketa hori egiteak agerian utzi zuen saskibaloi lehiaketekin loturiko hainbat alderdi hobetu beharra zeudela, honako hauek esate baterako: entrenatzaileen trebakuntza areagotzea, hazten ari den jokalari kopurua hartzeko instalazio gabezia, lehiaketak egingo badira ezinbesteko den arbitroaren figura bultzatu beharra, edo probintzia guztian saskibaloiaren garapen iraunkorra eta orekatua bermatuko duten kluben eredua prestatzea.
Baina saskibaloi ereduaren antolakuntzarekin eta haren eskumenekin estu-estu loturiko alderdiez gainera, bi gogoeta agertu ziren, berez kirol jardunarekin zerikusirik ez zutenak, bizi garen gizarte ereduarekin baizik:
- Ezaugarri nagusi hauek dituen gizarte eredu bat sortu dugu: NI-BEREHALA-ONENA-AHALIK ETA GUTXIEN… “Ni”k gizarte indibidualista bat adierazten du, non norberak bere onura baino ez duen buruan eta gainerakoen ongiaz ez duen pentsatzen. “Berehala” hitzak arrakasta lehenbailehen lortzea adierazten du. “Onena” gizarte hedonistaren kontzeptuarekin dator bat, beti onena eskuratu nahi dugu. nahiz eta gure benetako ahalbideen gainetik egon. Eta azkenik, “ahalik eta gutxien” kontzeptua, dena ahalik eta ahaleginik txikiena eginda, ahalik eta gutxien sakrifikatuta lortu nahi dugu.
- Konfiantza baldin bada ekintza kolektiboa abian jartzen duen erregaia, konfiantza krisian dago gizartean dagoen indibidualismoaren eraginez: elkartegintza eta boluntariotza beherantz doaz, eta gero eta pertsona gutxiago daude prest beren denboraren zati bat zuzenean beren onurarako ez den proiektuei eskaintzeko.
Azterketa horren ondorioz, GSFren zuzendaritza taldeak elkarren osagarri diren bi norabide desberdinetan lan egitea erabaki du:
- Lehena, Federazioaren jarduna profesionalizatzea, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintze aldera hura osatzen duten multzo guztiei: klubak, entrenatzaileak, jokalariak eta arbitroak. Horretarako, ondoko jokabideak zehazten dira:
Federazioaren organigrama profesionalizatu, gerente bat eta komunikazio arduradun bat kontratatuta.- Prestakuntza lerroak sortu entrenatzaileentzat.
- Epaileak izendatzeko eredua berregituratu, pizgarri programak sortu epaileentzat, epaile berriak erakarri eta agerian jarri epailearen figura giltzarria dela lehia kirolean.
- Klubak profesionalizatzeko laguntza unitate bat sortu.
- Instalazioen erabilera monitorizatu, jardunaldi bakoitzean gero eta ugariagoak diren partida guztiak jokatu ahal izan daitezen.
- Euskadiko gainerako saskibaloi federazioekin lan-ildo bateratuak ezarri, gure probintziara goi mailako kirol ekitaldiak ekartze aldera.
- Bigarren lan-ildoan, Sporti markapean, kirolaren eta gizartearen arteko lotuneak sortu nahi dira, kirolean oro har eta saskibaloian bereziki dauden balioak gizartera helaraziz: esfortzua, elkartasuna, talde-lana eta konfiantza. Horretarako, lehenik eta behin ondoko jokabideak zehazten dira:
- Erakunde laguntzaileen sare bat sortu, goian egin dugun gizartearen diagnostikoa partekatzetik abiatu eta egoera hori iraultzeko proiektuetan parte hartu nahi dutenekin.
- Balioen jabe egiteko prestakuntza programak sortu gizartearentzat oro har.
- Kirol eta irakaskuntza programa bateratuak sortu etorkizuneko kirolarientzat, talentuak kanpora joan daitezen saiheste aldera.
Aktibismo poltsak sortu, gizarte proiektuetara edo egungo nahiz etorkizuneko beharretara bideratu ahal izateko.
Federazio eredu berri bat diseinatzea eskatzen duen proiektu hau erronka ikaragarria da zalantzarik gabe, kirolaren eta gizartearen arteko loturak erabat garatzen baititu, ez baitu erreferentziarik eta gizarteko eragile guztiek parte-hartze ahalik eta handiena izan dezaten ezinbestekoa baitu. Esperimentu moduan egiten dugun proposamen honi ahalik eta hedapenik handiena eman ahal izango zaio baldin eta emaitza ona ematen badu, eta horretan saiatuko da GSFren lan-taldea ahalegin betean eta ilusio handiz.




